LIBURU-JOKOAK
1. Mundu krudela (krudelkeriari buruz)
Zure ustez, krudela da inurriak hiltzea?
Gustatuko litzaizuke zoo batean bizitzea? Zergatik?
Beti al da krudela norbait derrigortzea egin nahi ez duena egiten?
Eta zuk zer pentsatzen duzu?
Mundu krudela liburu-jokoa kaxa batean dator, adin guztietako haurrei gonbit egitera (baita guri ere!) krudelkeriaz eta krudelkeriarekin dugun harremanaz modu serio eta serioski jostagarrian pentsatzeko.
Kaxan 14 irudi-egoera edo eszena aurkezten dira, eta horien atzealdean hainbat galdera, elkarrizketari eta hausnarketari ekiteko. Denek batera, krudelkeriaren ikus-mapa bat osatzen dute. Hala ere, irakurri eta jolastu ahala, ikus-mapa hori mapa kontzeptual eta filosofikoa bilakatuko da, halako moldez non irakurleek krudelkeriari buruzko beren definizio propioa eraiki eta finduko duten.
Zer da krudela? Eta zer da ez hain krudela? Nola kokatzen gara besteen krudelkeriaren aurrean eta zer egin geure krudelkeria saihesteko? Krudelkeria justifika al daiteke kasu batzuetan?
Bakarka nahiz taldean pentsatuz gozatzeko. Gida filosofikoa, erabilera-proposamenak eta krudelkeriaren mapamundiaren horma-irudia ere biltzen ditu, azken horretan kaxako hainbat pertsonaia eta haur literaturako beste lagun ezagun batzuk denbora-pasan topatzeko.
2. Ni, pertsona (nortasunari eta gizakien eta roboten arteko desberdintasunei buruz)
Zer egingo zenuke bat-batean jakingo bazenu robota zarela izatez?
Robot bat haur bat baino seme-alaba hobea izan liteke?
Maitemindu ote daitezke robotak?
Fabrika daitezke lagunak?
Pertsona bat bere burmuina baino zerbait gehiago al da?
Eta zuk zer pentsatzen duzu?
Ni, pertsona liburu-jokoa kaxa batean aurkezten da, eta bi galdera handiren inguruan jolastu eta pentsatzeko deia egiten digu: zer naiz? nor naiz?
Kaxako irudiek eragiten dituzten galderen bitartez, irakurle-jokalariak pertsonari buruzko bere definizioa eratuko du. Halaber, pertsona izateak zer ondorio dituen ere argituko du, bai eskubideei eta ardurei dagokienez, bai adimenaren eta emozioen esparruan, bai ezagutzaren eta ikaskuntzaren arloan.
Zer da zehazki pertsona bat eta zertan desberdintzen da, adibidez, robot batetik? Zerk egiten gaitu garen pertsona bakarrak eta beste guztiak ez bezalakoak?
Eta zer dela eta esan dezakegu jaio gineneko pertsona bera garela, orain bestelakoak izan arren? Burmuin bat baino gehiago bagenitu hainbat pertsona izango ginateke?
14 irudi-egoera edo eszena kezkagarri eta 100 galderatik gora bakarka nahiz taldean pentsatuz gozatzeko. Gida filosofikoa, erabilera-proposamenak eta horma-irudia barne.
Ttarttalo argitaletxeak argitaratu du Wonder Ponderreko liburu-jokoen euskarazko edizioa.